XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Txilen eskola-baratzatan prestatzen dira baserrirako mutilak
Santiago.

Txilen eskola asko dago baratzaz inguratuta.

Baratzaz inguratuta dauden eskola hauek, ia guztiak, herri txikitan daude, jendea nekazaritzatik bizi den herri koxkorretan alegia.

Ez pentsa arrosaz eta liliz besterik ezer ez dagoenik.

Ez dira lorategi, ez lilitegi.

Artoa egiten dute, garia ereiten, azak eta azenarioak eta antzekoak sartzen.

Baratzak zerikusirik ba ote du eskolarekin?, umeek hartu behar duten hezkuntzarekin?.

Galdera egokia da. Are egokiagoa izan daiteke erantzuna: nekazal produktu ugari eta onak ateratzeko zein teknikaz baliatu behar den erakusteko apropos-aproposak dira baratzok.

Horra hor erantzuna.

Badira, gutxi gora behera, honelako bost mila eskola, ia guztiek baratza ondoan.

Oinarrizko hezkuntzan berrehunda berrogeita hamar mila ume txiletar ari dira, gehienak nekazarien seme-alabak, eta burua liburuz betetzea komeni bada ere, komenigarri ere da gero bizitza osoan egingo dutenaz burua ongi hornitzea.

Horregatik, OHO mailan, bada asignatura bat educación técnico-manual y huertos escolares izenekoa, eta guztiek, nahitaez, ikasi behar dute bertatik.

1982. urtean jarri zen martxan asignatura berria.

Denetatik ikasi behar.

Lurra nola gorritu behar den, lurra nola erabili eta maneatu behar den, lurrari zein ongarri komeni zaizkion, lurrari ahalik eta etekinik haundiena ateratzeko zein teknikaz baliatu behar den, zer sartu zer erein behar den eta berauek nola zaindu behar diren, horiek eta beste gauza asko ikasten dituzte txiletar umeek eskolan.

Nekazariek denboraren poderioan asko ikasi dute, baina asko eta asko lehenari lotuegi bizi dira, garai bateko teknikaz baliatuz.

Ordu da xedez eta zenbait teknikaz aldatzeko, honela bakarrik joko baitu aurrera txiletar nekazariak, esan du Andrés Diaz, ingeniari agronomoak.

Bide beretik, hauxe esan du ingeniari agronomoak: betiko artoa, betiko babarrunak eta betiko azak egiten eta sartzen dira eskualde askotan.

Zorionez gaur egun bada munduan hemengo lurrean ederki aterako litzateken beste produktu on asko.

Orain arteko zenbait produktu, agian, alde batera utzi beharko da eta berriokin saiatu.

Kanpokoak orain arteko hemengoak baino hobeak badira, gisa da kanpokoak guretzakotzea.

Honela etekin haundiagoa aterako zaio lurrari eta jangai desberdin gehiago izango da jateko.

Eskola-baratza hauetatik abantailik baizik ez da heldu.

Poloniako hiriburua Varsovia dela jakitea baino probetxugarriago dateke porruak nola aldatu behar diren ezagutzea.

Bada beste gauzatxo bat ere: oinarrizko hezkuntza buka eta Nekazal Lizeotan eta antzekoetan sartu nahi dutenek aski prestakuntza ona ekarriko dute lehen momentutik agronomiari dagozkion puntuei gogotik heltzeko.

Hazitik landarea.

Teoria eta praktika, biak ikasten dira eskola hauetan.

Liburuetan ikasten dute teoria.

Baina teoria hutsa ezer gutxi da baldin eta gero hori bera praktikan jartzen ez bada.

Eskola ondoan dagoen baratzan egiten dituzte praktikak.

Ez dira oso baratza haundiak, baina nahikoa eta gehiegi barazkiak eta landareak zaintzeko.

Bestalde, aski denbora badute berauek ongi zaintzeko.

Garaian garaiko landareak sartzen dituzte eta uzta zoritzen denean biltzen.

Arbolak txertatzen eta inausten ere erakusten zaie.

Bataz beste herri koxkor bakoitzean berrogeita hamar eskolume izaten dira.

Batzutan gehixeago, gehienetan gutxixeago.

Ongi prestaturik dugu guztia: zenbat neska-mutiko hainbeste aitzur, pala eta jorrai.

Baita aizkora txiki batzu ere.

Baita saskiak, zerrak, iltzeak eta mailuak ere.

Beharrezkoak dira kaxak egiteko, arbolak inausteko, produktuak biltzeko, esan du Andrés Díaz jaunak.

Batez ere barazkiak sartzen dira.

Arbolak baino etekin haundiagoa du barazkiak.

Arbolatik baino gehiago bizi dira landaretik.

Ez da, gainera, diru haundirik behar landareak aldatzeko: aski da hazia erostea eta bere horretantxe ereitea.

Landarea ernetzen denean lurra atxurtu, hortxe aldatu, ureztatu, eta aurrera.

Berrogeita hamar ikasleko moduluan berrehunda berrogeita hamar gramo baba eta ilar hazi behar dira, hogei gramu rabanito hazi, beste horrenbeste azenario, letxu, tipula, erremolatxa, zerba eta aza hazi.

Horiekin batera, ongarria.

Ikuiluko zimaurra ona da, baita salitre potasikoa ere, halaber superfosfatoa.

Hauetatik ugari da Txilen.

Eskolatu ondoren etxean lanean hasiko denean lurrari etekina ateratzeko gauza izango diren gazteak nahi eta behar ditugu.

Honela, eskolan jaso dutena askoz hobeto praktikatuko dute, beti ere etxekoen eta komunitatearen onetan, esan du ingeniari agronomoak.

Etxekoek uko borobila.

Baina... betiko baina madarikatua.

Nekazari zahar ez-ikasien artean gauza berririk egiten hastea asko kostatzen da.

Hauek beti muzin teknika eta produktu berriei.

Betidaniko usario zaharrei ongi loturik bizi diren baserritarrek tematsuki heltzen diote gurasoengandik bildu duten ondare kulturalari, baita teknikari ere.

Seme-alabak teori berrirekin datozkienean, hitzetik hortzea hori ezta pentsatu ere datorkie mihi puntara.

Eskolan ikasi duzuen horrek ez du ezertarako balio.

Teorian gauza polit asko, baina ezagun da bai zuen maisuok aitzurarren girtenari sekula santan heldu ez diotena.

Guk bezala heldu izan baliote beste konturik esango lukete.

Honelakoak entzunda gazteok zapuztea ez da harritzeko gauza!.

Umeak gauza berriak ikasi ditu eskolan eta ikasi eta ikusi duenaz harriturik etxera doa korrika teknika berriak etxekoei agertzeko asmotan.

Gurasoen ukoa jaso ondoren etsipenak hartuta geratuko da umea esan du maistra batek.

Horiek horrela, esan du maistra berak, herronka jo nien herriko nekazariei: egin dezagun aproba bat bi lurmutur hauetan.

Hartzazue bat eta nik hartuko dut bestea.

Lant ezazue, saia zaitezte zuenean.

Mota bereko barazkiak sartuko ditugu.

Uzta jasotzeko garaia helduko denean orduan hitzegingo dugu eta ikusiko da nork duen arrazoi.

Tratua egin eta lanean hasi ginen.

Maistra batek haiek baino gehiago jakitea ezinezkotzat zeukaten.

Baina ondorioa oso positiboa izan zen.

Berriro herronka hasteko gogoak ederki joan zitzaizkien.

Horra, metodo berriak erakutsi behar zaizkie.

Nola? seme-alaben bidez.

Hauek erakutsi behar diete lurra nola gorritu behar den, zein hazi aukeratu behar den, noiz erein behar den noiz aldatu....

Era berean sorobarrenak jasotzen eta erosioaren kontrako neurriak noiz eta nola hartu behar diren, den-dena erakutsi behar zaie.

Halere, beti aurrera.

Baina kontuak kontu, baserritarrok piskanaka onartzen ari dira seme-alaba eskolatuek eskolatik ongi ikasita ekartzen duten lezioa.

Gaur egun Txile hegoaldean hogeita hamar mila baratza berri eta gehiago antolatu dira.

Lehen arto eta gari egiten zen lekuan gaur egun barazki sail ederrak ikusten dira.

Ez dute merkatura azaburuak erostera joan beharrik, etxe ondoan galantik eta ederrik baitute.

Txilen egiten dena inguruko beste zenbait naziotan ere egingo ote den.

Burua txoriz betetzea baino hobe dateke, dudarik gabe, gauza praktikoak ere erakustea.

Baserritarron bizimodua hobetzea da eskola-baratzadun hauen xedea eta helburua.

Eskolatik nekazaritzarako asmotan atera den gaztetxoak gogoz helduko dio baserriari.

Bestalde, autoprodukzioari eragingo zaio, beti bestek salduko dion porruariaren zai egon gabe.

Etxean etxekotik etxekoek nahikoa jatea, horixe da lortu nahi dena.

Gutxi gora behera hemengo Lanbide Eskoletan egiten dena egiten da Txileko eskola-baratza hauetan: gaztetxoak lanerako prestatu.

Eskola lanak bukatu ondoren nondik nora jo garbiago ikusiko dute.

Ez diote guztiek lurrari helduko, baina gurasoek utzitako lurretan segitu nahi dutenek jakingo dute zer eta nola egin.

Eskola txikiaren ondoan, baratza.